Zer ikusi daiteke?

Lekurik xarmangarriena Alde Zaharra da, leku berezia. Hiru kale nagusi ditu: Goiko kale, Ipar kale eta Kale Handi, Erdi Arokoak direla argi ikusten da, kale estuak eta aldapatsuak baitira. Portu Zaharra ere ikustekoa da, antzina itsas ontziak lotzen zituzten lekua. Eta da alde batera utzi Egidazu Kaia portua, arrainak jasaten duen prozesu guztia ikusi dezake bertan bisitariak.

Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu.

Ondarroak ibilbide interesgarriak eskaintzen ditu. Bertan garai desberdinetako zubi bitxiak, kale eta kantoi estu eta aldapatsuak, bata besteari lekua kentzen dauden eraikin gainjarriak, eliza, ibaia, portuak, itsasoa, hondartzak, mendi eta basoak, baserriak, baselizak edo dorretxeak ikus daitezke, besteak beste.

ondarroa
Horren adibide dira ibilbide hauek:

Alde Zaharra

Aita Eternoaren edo Pietatearen Aitaren kapera Artibai ibaiaren eskumako aldean dago. Itxura denez, kapera hori XIV. mendean sortu eta hiribildura sartzeko ateetako bat izan zen; humilladeroa ere izan zen, eta Gipuzkoarako ibilbidean zihoazen ibiltariak babesa eskatzen zioten bertan dagoen Pietatearen Aitari.

Zubi Zaharra edo Zubi erromatarra, 1953ko urriaren 15ean uholde batek suntsitu ondoren berriztatutakoa da. Beraren alboan Kofradia Zaharra dago. Pedro Guimón herriko arkitektoak 1919an berriztatutako eraikina da. Erdi Aroko osagaiek bat egiten dute barroko tankerakoekin. Gaur, beheko aldean, turismo bulegoa dago eta lehenengo nahiz bigarren solairuetan edozenbat hitzaldi, erakusketa edo kontzertu antolatzen da. Kofradia Zaharraren ondoan merkatu-plaza dago, eta oraindik ere, goizetan inguruetako baserritar asko hurrerantzen da eguneko produktuak saltzera.

Ezkerretara eginez gero, Erribera kalean sartuko gara, kostaldeko kale tipikoa berau. Metro eskas batzuk egin eta Zubi Barrira helduko gara, baina ez duhu igaroko, hau da, aurrerantz egingo dugu, eta San Ignazio kalean sartuko gara. Eskumako losatik metro batzuk egin eta eskailera estu eta aldapatsu batzuetatik igoko gara Likona dorrera ezkerratara aurkituz. Eskilara horiek igonda Kaleandin egongo gara.

Likona dorrea ikusita, Kaleanditik jarraituko dugu, hau da atzerantz egingo dugu eraikin txiki eta tipikoen artetik. Halaxe helduko gara, aldapatxo labur bat igaro ondoren, Andra Mariaren elizara eta Udaletxe zaharrera, biak ere XIX. mendeko ondarrutar tenor ospetsuaren izena daraman Pedro Mari Unanue plazatxoan. Udaletxe zaharra elizari atxikitako eraikina da, eta fatxada toskanarrak inguruko beste eraikinetatik bereizten du. Andra Mariaren eliza gotikoa da; amaitu gabe egon arren kanpoko aldea Bizkaiko tenpluetatik dekoratuena da. Hormak loren eta animalien irudiz apainduak ditu. Gargolak ere animalia eta gizaki-itxurakoak dira. Pinakuluetan ere irudi bereziak daude.

Pedro Mari Unanue plazatxoan eskumara eginda korretan sartuko gara. Korreta eliza inguratzen duen antzinako pasealekua da. Bista politak daude bertatik (Artibai ibaia, kirol-portua, Zubi Zaharra, Kofradia Zaharra, Zubi Barria…). Kantoipe kalera ematen duen aldera heltzean, gora begiratuz gero, bat egingo dugu Kortxeleko Mamuekin. Hauek flandestar-borgoniar estiloan egindako hamabi irudi eder dira. Erdi Aroko gizarte-klase desberdinak irudikatzen dituzte. Hantxe daude, ezkerretik eskumara, erregea, xirularia, arrabitaria, bi erromes, bi soldadu, indudea, erregina, monjea, morroia eta zalduna.Gainera, herriko ipuin baten arabera, Leokadi izeneko neskatxa bihurri bat, garai bateko sinesmenei desafio eginez, korretari hiru buelta ematen ahalegindu zem abemarietakoa jo ostean. Bi buelta eman zituen baina hirugarrena bukatu baino lehen harri bihurtu zen. Egun kortxeleko mamuen artean omen dago. Korretaren azken zatianherriko frontoi estali gabe eta bitxia ikusiko dugu.

Korretari buelta osoa eman ondoren ni aukera ditugu, beherantz edo gorantz egitea. Beherantz egiten badugu berehala ezkerreko aldean Iparkalearekin bat egingo dugu. Hori ere kale tipikoa da; garai batean ospetsuak izan ziren bertan zeuden sagardotegiak. Iparkalean sartu ez eta beherantz jarraitzen badugu, Alamedara helduko gara. Hortik Itsasaurre kaletik porturantz jo dezakegu edo, bi zubietatik edozein igarota, Arrigorri eta Saturraran hondartzetarantz.

Gorantz egitea erabakiz gero beste kale tipiko batean sartuko gara, Txomin Agirre edo Goiko Kalean. Kale horren amaieran dauden etxebizitzetan jaio zen Txomin Agirre euskal idazlea. Aldapa handiari jarraituz gero Antiguako Santutegira ailegatuko gara. Santutegi horretan ondarrutarren eta batez ere arrantzaleen zaindari den Antiguako Ama Birjina dago, XV. mendean egurrean landutako bidea. Santutegi hori izan zen herriko lehenengo eliza, eta bertako kanpai hotsek buruko gaixoak osatzen ei zituzten. Orobat, leku hori ipuin zahar askoren habia da. Baselizaren eta Antigua baserriaren ondoan jarri eta lasaitasuna da nagusi; paisaia ere izugarria da: Saturrarango haitzak, hondartzak eta Gipuzkoako kosta guztia, hau da, Kantauri itsasoa aurrez-aurre. Larunbatero meza egoten da eguerdiko hamabietan, eta gazte asko ezkontzen da bertan. Bederatziurrena egiten da, abuztuaren 15ean ospatzen den Andra Mariaren egunaren aurretik. Ospakizun egunetan erritmo bereziko kanpai-hotsa entzuten da herritik.

Antiguako baselizatik abiatzen da Asterrika auzorako bidea; Asterrikatik aurrera eginez gero, Mendexaherriraino heldu gaitezke, ordu biko ibilaldi erraz bezain polita egin ondoren ezkerretara mendiak eta eskumatara itsasoa ikusiz.

Zubiak eta hondartzak

Aita Eternoaren eta Pietatearen Aitaren kaperatik kirol-porturantz egin eta Arraun Elkartea atzean utzita Artibai ibaiaren norabide berean doan pasealekuan sartuko gara. Zubi Zharra atzean ikusiko dugu eta ezkerretara, hasieran, Nasa kalea eta Andra Mariaren eliza. Apur bat aurrera eginda, ezkerretik begiratuta beti, Kantoipe eta Kofradiako etxeak ikusiko ditugu; azken horiek uraren gainean, Atibai ibaiari lekua kendu nahian.

Berehala eskailera batzuk dituen zubitxo berdea ikusiko dugu: Plaiko Zubia edo zubi birakaria. Alamedara garamatzan zubi hori 1927an egin zen, hain zuzen, herritik Arrigorri hondartzara joan ahal izateko. Garai hartan portua Zubi Zahar inguruan zegoenez zubi birakaria egin zuten, txalupek ibaian gora egin zezaten.

Pasealekuan aurrera eginez arku ikusgarridun zubia ikusiko dugu aurrez aurre: Isasaurre zubia. Santiago Calatrava arkitekto ospetsuak Euskadin egin zuen lehen lan hau 1994an inauguratu zen eta modernitatearen ikur, zubi horrek zuen-zuzenean garamatza gaur egungo portura edo Isasaurre kalera.

Hala ere, Calatrava zubia igaro beharrean aurrerantz egiten badugu, Arrigorri hondartzara helduko gara. Taberna eta jatetxea topatuko dugu lehenengo. Bada, 1927an jasotako eraikin hori itsasoko uraren bainuetxea izan zen.

Aurrerantz eginez, Plaiko morruan edo Kofradiako morruan sartuko gara. Baina eskumarantz egin eta garai bateko bainuetxea eta Arrigorri hondartza atzea uzten baditugu Arbide pasealekuan sartuko gara. Minutu gutxi batzuetan Saturraran hondartzara eramango gaituen pasealekua da Arbide. Zabal-zabalik itsasora begira badia politaz eta Saturrarango haitzez gozatzeko aukera izango dugu. Istoria zahar baten arabera, Satur eta Aran gazteen arteko maitasunaren gotorleku dira haitzok; izan ere, Arbide pasealekuaren gainaldean dagoen Akilla menditik bi gazte horien aurpegiak ikusten omen dira, bakoitza haitz baten gainean. Istorioak dioenez, Satur arrantzatzera irten eta galarrena batek eraman zuenez, Aranek hamaika negar egin ondoren itsasoari arren egin zion bera ere Saturrekin eraman zezan. Itsasoak, olatu batez, behin betiko eraman zuen Aran. Kataklismoa egon eta haitzak mugitu ei ziren. Eguna argitu zenean haitzetan Satur eta Aranen aurpegiak ikus zitezkeen. Mendebaldeko mendietatik itsasoari begira

Alamedatik irten eta Plaiko zubia igaro ostean, Arrigorri hondartzara heldu baino lehenago dauden eskailerak igoko ditugu. Horiek Mutrikurantz doan errepidera eramango gaituzte, Arrigorriko bihurgunera. Bihurgune horietatik igarotzen ei zen gauero Marixe Bekaineko, Ondarroako umeak oheratu aurretik beldurtzen zituen sorgina. Errepidera irten aurretik, ordea, Anjel Lertxundiren eskulturez hornitutako begiratokia dago. Hala ere, guk herrirantz joko dugu.

Berehala, bide aldamenean, Txorierrekako etxeak ikusiko ditugu, bai eta gorantz doan aldapa handia ere. Aldapa gogor horretatik gora egingo dugu. Hortxe hasten den bidegurutzeari jarraituko diogu, kristatu fededunek Ostiral Santuz egiten duten moduan. Lehenengo itsasoaren eta herriaren ikuspegi zoragarriez gozatu ondoren, Akilla baserrira helduko gara.

Apur bat gehiago igo ondoren Burgo baserrira helduko gara eta bertan garai bateko saroi edo korta dotorea ikusteko aukera izango dugu. Halaxe, hiru gurutzeetara heldu, azken aldapa gogorra igo eta Santa Gurutze baselizara ailegatuko gara (40 minutu inguruko ibilbidea egin ostean). Ikaragarri agertzen zaigu Ondarroa bertatik, Artibai ibaiaren erritmora, arnasestuka. Paraje honetan Kanariar Uharteetara zihoazen misiolariak egoten ziren aspaldiko denboretan. Gaur baseliza honetan Kalbarioko Kristoaren irudi dotorea dago. Aurrera eginez gero, Tontorramendirantz, Gorozika auzorantz zein Mixkia mendirantz egin dezakegu. Mixkia mendirantz eginez gero, Mutriku, Berriatua edo Markina inguruko mendietaraino hel gaitezke.

Ekialdeko aldetik begira

Alamedatik irten eta automobilentzat gorantz doan kalea hartuz, hau da, Artabide kaletik aurrera eginez gero, Ondarroatik irten eta Lekeitiorantz garamatzan errepidean sartuko gara. Herritik irten aurretik, portuaren gainaldetik paisaia politak ikusiko ditugu. Azken bihurgunean, ezkerreko aldean dagoen bidezidorra hartuz gero, Santa Klararen baselizara eta talaiara helduko gara.

Errepidetik jarraitzen badugu, alegia, zenbatu ezineko bihurgunedun errepidetik, eskura izango ditugu, bata bestearen atzetik, kala eta haitzak. Kala horietan ibiltzen ziren sasoi bateko kortsarioak, eta arrantzaleek ere babesleku moduan erabiltzen zituzten. Gainera, bizikletaz egiteko moduko ibilbide polit, lasai eta ikusgarria da hau.

Gorozika auzorantz

Zaldupeko futbol-zelaiaren ondoko aparkalekutik irten, errepidea zeharkatu eta aurrez-aurre dagoen bidezidorretik gora egingo dugu. Beti gora eginez, Iramategi Berri baserrira helduko gara. Hor asfaltatutako bidetxoa hasten da, eta guk horri jarraituko diogu. Mokau baserritik eta Eskola-etxetik igarota, Gorzika auzora helduko gara, nekazaritza giroko auzora.

Baserriz osatuta, mendi inguruan dagoen auzo bakarti eta baketsua da Gorozika. Betoko baserriak dotoreak dira, goi-mailako profesionalek egindako eraikuntza zibil garrantzitsuak. Lehenengo belaunaldiko edo XV. mende amaierako baserrien egitura gotikoak (arku zorrotzak batez ere) ederto asko ikusten dira Antzone eta, gehien bat, Gozizko baserrietan. Auzoaren bihotzean San Joanen baseliza dago, eta horrek ere baditu egitura gotikoak. Gorozikan bertan, Bizkua baserriak XVIII. mendeko baserrien egitura erakusten digu, harlanduzko bi arkudun arkupea izanik horren adibide.

Automobilez ereheldu daiteke Gorozikara, Berriatuatik Ondarroarako errepidea hartu eta Erdi Aroko Arantzibia dorretxearen parean hasten den bidea hartuta.