MARKOS UNTZETA & ESKU HUTSIK

EKAINAK 22 OSTIRALA

GAUEKO 23:00ETAN

‘Eguzki gorri bat” DISKAREN AURKEZPEN KONTZERTUA

 

Hiruzpalau urteaz behin disko bat argitaratzeko ohitura gordez, bosgarren diskoa dakar besapean Markos Untzetak (Eibar, Gipuzkoa, 1970), Eguzki gorri bat izenburua duena. Lehen berritasuna azalean topatzen dugu, grabazioan parte hartu duten musikarien taldeari izena jarri eta bere sinadurari erantsi baitio lehen aldiz. Musikari taldean dago beste aldaketa nagusia aurreko lanekiko: Giovanni Zanon-ek (gitarra elektrikoa), Anjel Ituartek (baxua) eta Iñaki Belaustegik (bateria) osatzen dute Esku Hutsik. Azken urteetan zuzenekoetan lagundu dioten musikariak dira, baina hauxe da Untzetarekin egin duten lehen grabazioa. Aurreko diskoetan —Seinaleak izenekoan izan ezik— kolaboratzaile ugarik janzten zituzten Untzetaren abestiak; oraingoan berriz, laukote baten soinu oinarrizko eta zuzenago baten alde egin du Untzetak. Lau musikariek batera joaz grabatu dute Eguzki gorri bat Tio Pete estudioan, Unai Mimenza soinu teknikariarekin.

Esku hutsik diskoko abesti baten izenburua ere bada, eta bertan aurkitzen dugu Untzetaren sormena gidatzen duen barne-bulkada: “Esku hutsik gaude hemen, esku hutsik bai, baina gose ase ezin hau da bizirik egotea”. Bakarka grabaturiko disko gordin eta ilun bat, hala doinuetan nola hitzetan, argitaratu ostean —Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak, 2014)—, erregistroz aldatu eta izenburutik bertatik argitsuagoa den lan batekin itzuli da Markos Untzeta. Kantu bilduma honetan denboraren iragateaz mintzo da batez ere, denbora harrapatzeko ezintasunaz (Oi! denbora), bizitako momentu gozo eta zirraragarrien iheskortasunaz (Buhame erregina, Esku hutsik, Begira iezaiozu zeruari), eta Eibar jaioterriarekin lotutako oroitzapenak gogora ekar dizkigu (Nire gaurko herria, Haurtzaroaren hondartzak, Iraganeko lekua), ahantzi barik adiskidetasuna (Hor duzu laguna) eta maitemina (Bada zerbait esan nahi dizudana) bezalako gai unibertsalak.

Untzetaren biografia musikalean ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu Eguzki gorri bat-ek: rock amerikarra, bluesa, folka, countrya… Entzule finak Tom Petty (Eguzki gorri bat), Neil Young (Bada zerbait nahi dizudana esan) edota Lucinda Williamsen (Geroari beldurrik ez) oihartzunak antzemango ditu, baina influentzia horiek guztiak bere nortasunaren galbahetik pasatzeko Untzetak beste behin erakusten duen trebezia eta heldutasunaz jabetuko da aldi berean.